Gogoeta honetan ikastearen plazerraz eta motibapenaz, ikastetxeen artean sustatu behar ez litzatekeen lehiaz eta hezkuntzan ‘neurriak’ ezartzearen arriskuaz ariko da, besteak beste, Maite Darceles.
Hezkuntzaren munduko pare bat proiektu interesgarritan murgilduta nabil, bata derrigorrezko hezkuntzan, bestea unibertsitatean. Lehenean, guraso/profesional harremana indartzea eta harreman horretan batzuon eta besteon paperak berdefinitzea erronka itzel bezain bazterrezina dela iruditzen zait. Ibilbide luzeko karrera da eta urratsak ematen joan behar dugu poliki poliki. Eta honek, zenbait ikuspegi zalantzan jartzea eta ikuspegi eraginkor eta positiboak lantzeko eta osatzeko lana ekarriko digu.
Darabilzkigun zenbait eztabaidak gogoetarako eta gogoeta konpartitzeko aitzakia emango dit.
Zenbait gurasok honako kezka azaltzen dute: “Gurasook ikastetxea aukeratzeko orduan, ikastetxeak lortzen dituen emaitzak ezagutu beharko genituzke konparatu eta erabaki ona hartzeko. Ikastetxeen artean lortzen diren emaitza desberdinen jakinarazpena ona da gurasoon erabaki egokia segurtatzeko.”
Zenbait iritzi gai honen inguruan:
Nire lehenengo inpresioa ikuspegi honetan zera da, gurasoa nolabait sistematik at geratzen deneko sentsazioa. Hala, ondo aukeratu behar du, ze, behin haurra ikastetxe batean sartzeko aukeraketa egiten duenean, bere sistemarekiko lotura eta bere gaitasuna sisteman eragiteko deusezak baitira. Haurra muntaia-kate baten haseran jartzeko irudia etortzen zait burura: zein muntaia-kate aukeratzen dugun erabaki garrantzitsua da, horrek guztiz baldintzatuko baitu katearen azken makinatik aterako den “emaitza”, hau da, gure seme edo alabak hezkuntza-etapa desberdinak bukatutakoan izango dituen gaitasun eta ezagutzak.
Baina, honela ulertu ordez, geure burua (gurasoona) etengabe hezkuntza sisteman gertatzen diren prozesu eta jarduerekin harreman eta elkarrekintza zuzenean ikusten badugu, ikuspegia oso bestelakoa izango da. Proposatutako beste ikuspegi honetatik, ikastetxea hautatzea, seguru aski, emaitza historikoei (agian gaurtik 16 urtera dezente aldatuko direnak, bestetik) erreparatuz egin baino guraso, ikasle eta irakasleen artean elkarrekiteko aukerak bermatzen dituela erakusten digun ikastetxea hobetsiko dugu; hezkuntza elkarrekin eraiki, hobetu eta berrasmatzeko aukerak bermatzen dituena; hezkuntzan gurasoon papera azpimarratzen duen ikastetxea, eta beraz, gurasook hezkuntzako profesionalekin elkarlanean aritzeko bideak eta tresnak artikulatzen ahalegintzen dena; hezkuntza-komunitateaz teorian aritzeaz gain, praktikan ere ikasle, guraso, irakasle eta irakasle ez diren beste langileek osatzen duten hezkuntza-komunitate bizi, dinamiko eta aktibo bat bultzatzen duena.
Beste gogoeta bide bat honakoa da: Batetik, zenbateraino izan daitezkeen baliagarri ikastetxeen artean egiten diren ebaluaketak gurasoen aldetik ikastetxe batek ematen duen hezkuntza-kalitatea neurtzeko. Eta bestetik, ona ote den ikastetxeen artean lehia sortzea (adibidez, ebaluaketa horietan emaitza onenak lortzeko norgehiagoka) ala elkarlana eta ezagutzen partekatzea eta hedatzea komenigarriago zaigun gizarte ikuspegitik.
Jakina da zerbait neurtzen hasten garenean eta neurriari balioa ematen, neurtu nahi genuen errealitate hura neurrira orientatzeko logika susta dezakegula. Eta logika hau gaiztoa izan daiteke, hau da, neurtu nahi zen errealitate haren izaera narriatzea bultza dezake: neurriak errealitatea neurtu nahi du, baina ez da haren zati txiki bat baino, eta neurrira orientatzeko logika ezartzen bada, neurriak zegokiona baino dimentsio askoz ere handiagoa har lezake.
Honek, darabilgun kasuan ondorio gaiztoa ekar lezake: ikastetxeak energia guztiak bere egitekoa den ikasleen hezkuntza hobetzera zuzendu beharrean, energiaren zati handiegia neurri horietan ‘marka’ ona ateratzera zuzentzea, hain zuzen ere. Eta adibide bat emango dut erakusteko neurrira orientatzen den errealitatea askotan bere haserako izaera galduz egiten dela, hezkuntzaren munduko adibidea gainera: duela aste batzuk unibertsitateko ikasleekin saio batzuk izan nituen eta ederki konprobatzeko aukera izan nuen beraientzat notarako (nota = neurria) kontatzen ez duten jarduerek ezer gutxi balio dutela. Ikastearen beraren balioa, beren jarduerari zentzua ematen diona, benetan lehen helburua behar zuena, bigarren plano batean geratzen da, plano oso gutxitua gainera. Denok badakigu nota eta ebaluaketa sistema honek honako errealitateak bultzatzen dituela: kopiatzea, azterketarako bezperan ikasi eta azterketa egin orduko ahaztea (hau da, nota eta helburu den ikastea beti erlazioanturik ez daudela erakusten duten errealitateak),… eta garrantzitsuena eta okerrena dena, ikastearen bizipenetik plazerra alboratzea (ikastea modu naturalean egiten denean atsegina da, gozatu egiten da ikasten) eta ikastea ahalegin handia eskatzen duen tortura eta sufrimenduzko jarduera bihurtzea; eta, azken honekin, beste ondorio larri bat ekarriz gainera: ikastearekiko grina eta joera mugatzea.
Honekin lotuta, Margaret Wheatly eta Deborah Frieze-n Walk out, walk on liburuko aterakin bat:
“What unites the learners [Unitierra unibertsitateko ikasleez ari da] is a belief that learning is practiced for the sheer joy of it -rather than to acquire certification or secure a job. Learning occurs when we engage with the world, in friendship with others, using our hands and wits and reflecting on our discoveries.” (Itzulpena: [1]) Bestetik, ikastetxeen arteko lehia-logika ere arbuiagarria iruditzen zait, eta ez genukeela sustatu behar inolaz ere. Ikastetxe batek bere sistemetan egiten dituen aurrerakuntzak besteei erakusteko irekia egon behar luke, eta ikastetxeak elkarren lehiakide bezala ulertzen baditugu, partekatzea oztopatzen duten erresistentzia eta zailtasun naturalez gain beste gaindiezinagoak ezarriko ditugu. Ez al da gizarteko kideontzat ona ikastetxe guztiek ahalik eta sistema eraginkorrenak erabiltzea?
Liburu bereko beste aterakin bat:
“Its commitment was to give away all its knowledge freely so that many other friends and partners could participate in the evolution and diffusion of the ideas” (Itzulpena: [2])
[1] Neure itzulpena: “Ikasleak [Unitierra unibertsitateko ikasleez ari da] batzen dituena honako sinesmena da, ikastea praktikatzeak sortzen duen plazer soilagatik egiten dela -ziurtagiria lortzeko ala lana segurtatzeko egiten dela baino. Besteekiko laguntasunean gure esku eta adimenak erabiliz eta gure aurkikuntzetaz gogoeta eginez munduarekin erlazionatzen garenean, orduan gertatzen da ikaskuntza.”
[2] Neure itzulpena: “Bere konpromisoa bere ezagutza libreki zabaltzea zen, honela, beste hainbat lagun eta bazkidek ideien garapen eta hedapenean parte har zezaten.”
Gogoeta hemen utziko dut, baina hona hemen hezkuntzaren inguruko gogoetan sakontzeko zenbait irakurketa proposamen:
- Alfonso Vázquez-en “Estrategias de la imaginación” (Granica, 2008) liburuko zenbait aterakin:
- 40-42 orrialdeak (‘La educación’): Hezkuntzak, XXI mendeko garapen jasangarriaren motor nagusia izango bada, eta hala behar du, eraldaketa sakona jasan behar du, eta hau oso konplexua da dauzkan menpekotasun, kontzepzio, hierarkia-sare, dagoenean mantentzeko interes, etabarrengatik.
- 118-124 orrialdeak (‘Tránsito fuera de la medida’): Neurriaren inguruko gogoeta zabala, goian azaldutako bidetik, hezkuntzaren adibideak jarriz gainera.
- 132-135 orrialdeak: Orri hauetan hezkuntzaren denboraz dihardu. Lehenago ekoizpenaren denboraz aritu ondoren eta gero politikaren denboraz ariko delarik. Hezkuntzaren, ikaskuntzaren, prestakuntzaren denborarako ekoizpenaren denboraren kontzeptua inportatu izana akats larria da eta irtenbide errazik ez duen arazoa sortzen du: Oraindik, bi ordutan ordu betean ikasten denaren bikoitza ikasten deneko ustea dago hezkuntza-plangintza guztien oinarrian.
- Ronald Barnett-en “Los límites de la competencia” liburuaren aterakinak: gehien bat unibertsitate mailako heziketaz egiten du gogoeta.